Klusterra

/Klusterra
Klusterra 2018-04-16T17:53:35+00:00

Donostiako Sustapenaren bitartez, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak sustatutako Donostiako Modaren Klusterrak modaren sektorea biziberritu nahi du; sektore horretako 1.000 enpresa inguru dago hirian, eta 2.750 pertsonari ematen dio lana zuzenean, hiriko enplegu osoaren % 2,63 hartzen du, beraz.

Donostian modaren esparruko mila bat konpainia dago, eta horietatik 126 industria-enpresak dira: diseinatzaileak, firmak, jantzigintzako enpresak edo espezializatutako prestakuntza eskaintzen dutenak.

Donostiako eta inguruneko etxeetan, arropa, oinetako eta osagarrietan egiten den merkataritzako zenbatetsitako gastua familia-kontsumoko hirugarren handiena da, ontziratutako elikagaien eta elikagai freskoen atzetik.

Helburuak

Sektoreko balio-kate osoa integratzeko helburuz sustatzen du Donostiako Modaren Klusterra Donostiako Sustapenak. Helburua da lana parte-hartzailea izatea, eta inplikatutako eragileek elkarrekin egitea jarraitu beharreko ildoei buruzko hausnarketa. Beraz, etengabeko kontsultarako foroa da Kluster hori.

Kluster hori sortu zen moda negozio-nitxotzat jotzen duen ideiatik abiatuta, eta eragileek sektorea biziberritzeko jarraituko den estrategia diseinatuko dute. Horrela, sare sendoa sortu nahi dugu, enpresei eta profesionalei etengabe garatzen, hazten eta hobetzen lagunduko diena, honako alderdi hauen bitartez:

  • Sormen-prozesua optimizatzea eta profesionalizatzea.
  • Etengabeko prestakuntza, artearen zein enpresaren alorretan.
  • Bertako produktu bereiziari balioa ematea.
  • Donostiako markak eta diseinatzaileak kanpoan promozionatzea.
  • Modaren munduari lotutako Donostia markaren irudia sortzea.
  • Fabrikatzaileak, merkatariak eta kontsumitzaileak sentsibilizatzea modaren kulturaren balioaren inguruan.

Donostiako Modaren Klusterra diseinatzaileek, prestakuntza-zentroek, modan adituek, komertzioek, fabrikatzaileek, erakundeek, etab. osatzen dute, eta guzti horiek ikusten dute sektore horrek gure hiriaren garapen ekonomikoan eta kalitatezko enplegua sortzeko bidean laguntzeko aukera bat eskaintzen duela.