/, slider-portada-eu/Donostian Wed In izango da, hiriko ezkontzen nazionarteko lehen azoka

Donostian Wed In izango da, hiriko ezkontzen nazionarteko lehen azoka

Otsailaren 23an eta 24an egingo da Miramar Jauregian, eta sektoreko 35 enpresak beren eskaintza komertziala aurkeztuko dute; hau da, emaztegai eta senargaiaren jantzietatik hasi eta dekorazio, diseinu, cocktail edo jatetxe mailako azken joeretara bitarte. Lehen jardunaldia ezkontzen sektoreko profesionalentzat izango da eta bigarrena, publikoarentzat irekia, bikote ezkongaientzat. Ekimenak Donostiako Alkateordetzaren, San Sebastian Turismoren eta Donostia Moda Klusterraren laguntza du.

Donostia hiria modan jarri da bikoteak ezkontzeko. Gero eta gehiagok hautatzen dute gure hiria ezkontzeko; hori dela-eta, Alkateordetzak kalitatezko zerbitzu-eskaintza egitea lortu nahi du. Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi du: “azken urteetan, Donostia nazioarteko lehen mailako ezkontzetarako helmuga bilakatu da. Urtean milaka euro mugitzen dituen industriaren aurrean gaude, eta ezkontza horien premiak asetzeko gai diren tokiko hornitzaileen sarea sortu da. Donostiako Alkateordetzatik eta San Sebastián Turismotik argi eta garbi ikusten dugu lehen mailako nazioarteko azoka bultzatu beharra dagoela, eta, era horretan, estatu osoko eta Frantzia hegoaldeko hornitzaileak etorriko direla Miramar Jauregia bezalako toki paregabera. Era horretan, ehungintza-industriako funtsezko ardatza sustatuko dugu, hots, ezkontzen sektorea, eta Euskadin sektoreko erreferenteak izango gara”.

Wed In San Sebastián azokan, bi jardunaldi burutuko dira. Otsailaren 23an, larunbatean, egingo den jardunaldia ezkontzen sektoreko profesionalentzat izango da. Bertan, azokaren aurkezpena egingo da Dynamic Dantza dantza-akademiaren ikuskizunarekin, eta, ondoren, networking saioa egingo da bertaratutako enpresen artean. Igandean, otsailaren 24an, berriz, publikoarentzat irekitako saioa burutuko da 11:00etatik 20:00etara, eta bertaratzen direnak modu pertsonalizatuan artatuko dituzte parte hartzen duten enpresek. Era horretan, ezkontza bat antolatzeko beharrezko zerbitzuak eskuratu ahal izango dituzte; hala nola, emaztegaien soinekoak eta senargaien jantziak, jatetxeak, argazkiak eta bideoa, edertasun-tratamenduak, ile-apaindegiak, bitxitegiak, loreak, musika, bidaiak, gonbidatuentzako ostatuak, e.a.

Horrez gain, igandeko saioan, Donostia Moda Klusterreko taldeak koordinatutako desfile bat ikus ahal izango dute bertaratuek, bertan eztei-sektoreko proposamen egungoenak erakutsiko baitituzte. Desfilean ondorengo etxeek hartuko dute parte: Yolanda Torres, El Atelier Nupcial, Manuela va de fiesta, Alicia Rueda, Aldabaldetreku, Susperregi, Davididu, Anhelo, Glam Brow Estudio eta Tuka.

By | 2019-02-20T15:39:50+00:00 otsaila 19th, 2019|destacada-home-eu, slider-portada-eu|