/, Sin categoría, slider-portada-eu/Donostia Moda Klusterrak udako II.eskola sustatuko du

Donostia Moda klusterrak udako II.eskola sustatuko du

AURKEZPENA

Batetik, fenomeno sozio-kulturala da moda, eta, bestetik, industria bat da; hori dela-eta, moda estu loturik dago komunikazioaren arloarekin, horri esker garatu eta lortu baititzake bere helburu publikoak, eta, azkenik, garai eta kultura jakin baten adierazpide izan. Modaren eta komunikazioaren arteko harremana aldatu egin da, biak hartzen dituen gizartea eta kultura aldatuz joan ahala. Balenciaga jostunaren mugarriek beren garaiko komunikabideak baliatu zituzten orduko gizartearekin bat egiteko, eta gaur egungo moda-enpresek ere halaxe egin behar dute: komunikatzeko eta promozionatzeko tresna eta formatu berritzaileenak eta eraginkorrenak erabili behar dituzte beraien balioak eta ekoizpenak transmititzeko, eta, hala, etengabe aldatzen eta hedatzen ari den merkatu honetan lehiatzeko.

Sareko unibertsoaren eta unibertso horretatik eratorri diren kontsumo-ohituren ondorioz, moda arloko komunikazioa aldatzen
ari da: batetik, prozesu guztiak digitalizatzeko joera zabaltzen ari da, eta, bestetik, gero eta harreman handiagoa dago bezeroekin. Orain, bezeroak eginkizun garrantzitsu eta nagusia betetzen du komunikazioren eta kontsumoaren arteko loturan; horregatik, moda-enpresek solasaldi eraginkorra eraiki nahi badute harekin, kontzeptu eta balio esanguratsuak eskaini behar dizkiote eduki digital espezializatuen bidez. Izugarri ugaritu dira kontsumitzaileen geografiak, identitateak, kulturak, beharrak eta nahiak; hala, etengabe handitzen ari den eremu komertzial bat zabaldu da. Hori dela -eta, moda-enpresak egokitu egin dira, informazio -eta lehiakide- zurrunbiloan nabarmendu nahi baitute, bezeroak erakarri nahi baitituzte eta, onenean, haien fideltasuna lortu. Horretarako, off-line eta online baliabideak uztartzen dituzten komunikazio-estrategiak erabili dituzte, eta sormena eta berrikuntza baliatuz landu dituzte edukiak eta irudia.

HELBURUA

A  Moda arloko komunikazioaren gaur egungo testuinguruari buruzko zenbait oinarrizko ezaugarri ezagutaraztea, betiere, kontuan harturik adierazpide konplexua dela moda, eta, hortaz, hainbat diziplinaren ikuspegiak uztartuz —hala nola, ikuspegi soziologikoa, kulturala eta bisuala

B  Moda-enpresa batek helaraz ditzakeen balioak modu kritikoan ezagutzeko gakoak ematea, eta balio horiek aztertzeko, egokitzeko eta komunikatzeko metodoak eskaintzea, betiere, xede merkatura edo kontsumitzailera modu eraginkorragoan iristeko.

C  Honako hauei buruzko ezagutzak ematea: moda arloko komunikazioarekin loturik dauden prozesuei buruzko ezagutza (kontzeptuen sorrera, iruditegia, papereko eta sareko komunikabideetako ekintzak, ekitaldiak eta abar) eta prozesu horien inguruan dauden eremu profesionalei buruzko ezagutza.

D  Oinarrizko gaitasun teknikoak eta eragiteko gaitasunak irakastea; horretarako, praktikan jarriko ditugu ikastaroan garaturiko oinarri teorikoak.

PROGRAMA

Ikastaro honetan gaur egungo modaren testuinguru sozio- kulturalera eta merkatura egokitutako komunikazio-estrategia aurreratu eta eraginkorrak ikusarazi nahi dira, eta horietan sakondu. Testuinguruari buruzko ikuspegi espezializatu bat eskainiko da, eta ezinbesteko gaitasunak emango dira: kasu konkretuak aztertzeko eta ekintza espezifikoak kontzeptualizatzeko gaitasunak, eta horiek gauzatzeko eta horien emaitzak kudeatzeko gaitasuna.

Bi egun iraungo du ikastaroak, eta bi eratako saioak izango dira: markoa azaltzeko hitzaldiak eta tailer praktiko bat. Hiru hizlari aditu arituko dira lanean, eta halakoak landuko dira: eduki teorikoak, ikerketa-kasuen analisia eta ariketa praktikoak.

EKAINAK 28

09:15–09:30: HARRERA ETA DOKUMENTAZIO BANAKETA.

09:30–10:00: HITZALDIA.

Câline Anouti

Moda arloko komunikazioko estrategia berriak.

Moda arloko komunikazioaren gaur egungo testuingurua aurkeztuko da hitzaldi honetan, eta moda-industrian erabiltzen diren estrategia berri eta askotarikoak aztertuko, hala sarean egiten direnak nola saretik kanpokoak: moda-markak, harreman publikoak, ekitaldiak eta bizipenak, fashion filmak, editorial digitalak eta papereko editorialak, salmenta-guneko komunikazioa, eduki digitalen (digital content) sorrera, sare sozialak eta abar.

12:00–13:30: HITZALDIA.

Becky Smith

Gaur egungo bitartekoez baliatutako moda-irudien sorkuntza. Gaur egun, hedabideek nola komunikatzen dituzte moda-markei buruzkoak? Galdera horretan sakontze aldera, hedabide «tradizionalak» eta berriak aztertuko dira hitzaldi honetan: papereko moda-aldizkariak eta moda-argazkiak, telebistako eta Interneteko iragarkiak, bizipenei loturiko proiektuak, modari buruzko filmak, sareko eduki sozialak eta abar. Sormenaren bideari helduz eta hainbat proiektutako adibideak erabiliz, halako hedabideen erabileraz hausnartuko da, eta, era berean, landuko da ea nola egokitu daitekeen moda-marken izaera horien bitartez, marka kontzientzia eta engagement-a lortzeko helburuarekin.

16:00–17:30: HITZALDIA.

Isabel Fernández de Córdova Miralles

Moda-marken eginkizunak online komunikazioaren alorrean. Eremu digitalaren sorreraren ondorioz, moda-markek beren komunikazio-jarduna aldatu behar izan dute, lehen off-line sistema baliatzen baitzuten; eraldaketa hori landuko da hitzaldi honetan. Interneten ezaugarrien eta sare sozialen sorreraren ondorioz, komunikazio-paradigmak berrikusteko premia eratu da. Hala, eremu fisikoa eta digitala lotzera jotzen duten egitasmo berriak mamitu dira, zeintzuek ikuspuntu berri batetik aztertu baitituzte zenbait tresna tradizional, hala nola, desfileak, produktu bereizgarriak, historia, preskribatzaileak eta marken publizitatea.

EKAINAK 29

10:00–14:00 / 15:30–18:30: TAILLERA

Isabel Fernández de Córdova Miralles

Moda-marken storytelling-a eta komunikazio-inguru berrietarako egokitzeko lana.
Moda-marken storytelling delakoaren oinarriak ezagutarazi nahi ditu tailer honek, eta, halaber, teknika horren adibideak aztertu, hala sarekoak nola saretik kanpokoak. Helburua: komunikazio-tresnen berezitasunak ulertzea, eta, gero, ikasitakoa martxan jartze aldera, nork bere komunikazio-plana sortzea.

HIZLARIAK

CÂLINE ANOUTI (Beirut, 1975)
Komertzializatzailea, kontsumo-joerak bereziki aztertu dituen kazetaria eta unibertsitateko irakasle titularra (moda-kontuetan aditua). Moda Promozioko lizentziatura egin zuen University of Central Lancashire unibertsitatean. Bi master egin ditu: Nazioarteko Marketineko Komunikazioei buruzko masterra, London Metropolitan University unibertsitatean, eta Marketin Komunikazioko Estrategiei buruzko masterra, Frantzian, Groupe École Supérieure de Commerce et de Management escem eskolan. Gainera, Praktika Akademikoaren arloko unibertsitate- adituaren titulua lortu zuen Manchester Metropolitan University unibertsitatean. Irakasle den aldetik, bi unibertsitatetan ari da gaur egun: batetik, University of Westminster unibertsitatean, Moda Arloko Promozioaren eta Marketinaren Lizentziaz arduratzen da eta bertako irakasle titularra da (2012tik hona); eta, bestetik, Moda Arloko Marketineko tutore nagusia da, 2011z geroztik, Istituto Marangoni institutuaren Londreseko egoitzan. Modaren industrian ere aritu izan da da: bereziki kontsumo-joerak aztertzen dituen kazetari moduan jardun zuen hamar urtez WGSN enpresan, zeinak nazioarteko joerak iragartzen baititu. Ondoren, moda arloko marketinaren munduan hasi zen: Bestseller talde daniarraren marketin-arduradun eta harreman publikoetako teknikari moduan aritu zen. Talde horrenak dira
honako moda-marka hauek: Vero Moda, Jack and Jones, HAY eta Selected Homme and Femme. Promoting Fashion liburua idatzi du Barbara Grahamekin batera, eta 2018ko abuztuan kaleratuko du, Laurence King Publishers argitaletxearen eskutik.

BECKY SMITH (Stoke-on-Trent, 1977)
Zuzendari artistikoa da, eta hainbat komunikazio-plataformatan aritu da, adibidez, diseinu grafikoan, zineman eta eduki digitalen sorkuntzan. Bere bezeroen artean, hona hemen azpimarratzeko moduko zenbait: CondéNast, Chanel, Dior, Louis Vuitton eta Nike. Smithek diseinu grafikoko ikasketak egin zituen University of Salford unibertsitatean (Manchester). 1998an amaitu zituen. Diseinatzaile grafiko moduan aritu zen hainbat aldizkaritan, besteak beste, I-D, Harper’s Bazaar, Elle eta Wallpaper* argitalpenetan. Ondoren, Robin Derrick argazkilari eta sormen- zuzendariarekin batera, Vogue aldizkariaren edizio britainiarrean aritu zen, eta, gero, 2004an, Lula aldizkaria sortu zuen. 2009an, berriz, Twin aldizkaria sortu zuen: artea eta moda lantzen ditu online aldizkari horrek, eta twinfactory.co.uk helbidean topa daiteke. Urte horretan bertan Twin studio izeneko sormen- aholkularitza independentea sortu zuen, zeinak aholku ematen baitie arte- eta moda-markei. Besteak beste, bezero hauek ditu: Stella McCartney, Whistles, John Lewis, Louis Vuitton, Dior, Rimmel, asos, Ferrari, L’Oréal eta Levi’s. Gaur egun, Twin.studio zuzentzen du. Publizitate-bulegoekin ere kolaboratu du: Spring Creative bulegoarekin (Max Mara eta Acquascutum marketarako, adibidez), AKQA bulegoarekin (Nike Sportswear eta Forevermark kanpainen zuzendaritza artistikoaz arduratu zen) eta RKCR/Y&R bulegoarekin (Eau de Chanel lurrinaren merkaturatze-kanpainari buruzko aholkularitza eskaini zuen). Irakaskuntzaren arloan, eskolak eman ditu Chelsea College of Art & Design eta Shillington College unibertsitateetan. Tarteka, berriz, hitzaldiak eskaintzen ditu Condé
Nast College of Fashion eskolan eta It’s Nice That sormen-zentroan. Horrez gainera, aholkularitza eskaintzen die Fabian Baron zuzendari, arte-arduradun eta editore frantziarrak zuzentzen duen Mastered programako ikasleei.

ISABEL FERNÁNDEZ DE CÓRDOVA MIRALLES (Madril, 1975)
Bi alor uztartzen ditu: batetik, edertasunari eta modari loturiko luxuzko eta premium-mailako marken komunikazioan lan egiten du, eta, bestetik, gai horren ingurukoak aztertzen eta irakasten ditu. Zuzenbideko ikasketak egin zituen, eta Informazio Zientzietako doktorea da. Madrilgo Complutense Unibertsitatean egin zituen biak. Luxuzko eta premium-mailako hainbat moda-marketan aritu da hamabost urtez, komunikazioko eta harreman publikoetako sailetan, esate baterako, LVHM talde frantziarrean eta Bimba y Lola marka espainiarrean. Gaur egun, komunikazioan berezitutako aholkulari gisa lan egiten du, bizi-estiloa jorratzen duten marketan. Esan moduan, irakaskuntzan eta ikerketan ere ari da. Markak eta komunikabideak nola garatu diren online ingurunean: horixe ikertu du batez ere. Bestetik, irakasle ari da bi unibertsitatetan: Moda Arloko Komunikazioa eta Kudeaketa irakasten du Centro Universitario Villanueva zentroan, eta eskolak ematen ditu Moda eta Edertasun Arloko Komunikazioaren Masterrean (Telva/Yo Dona), San Pablo ceu Unibertsitatean. Horrez gainera, Joera, Moda eta Moduen Behatokiko (OBTEM) kidea da, Valladolideko Unibertsitatean, eta CMGk antolatzen dituen Moda eta Komunikazio Jardunaldietan parte hartu du. Jantziaren Museoan egiten dira jardunaldi horiek, Madrilen, eta Férnandez de Córdovak bi eratako lanak egin ditu bertan: antolaketa-batzordean parte hartu eta hitzaldiak eman. Liburu bat argitaratu du: Comunicar la moda en Internet. Medios, marcas, influencers y usuarios. (Editorial uoc. 2017); eta doktore tesi bat idatzi: Estrategias de Comunicación online de las marcas internacionales de lujo en el sector de la moda.

By | 2018-06-13T23:27:31+00:00 ekaina 11th, 2018|eventos, Sin categoría, slider-portada-eu|