//Donostia Modak berriro eskaini die bertako sortzaileei sustapen- eta salmenta-gune bat

Donostia Modak berriro eskaini die bertako sortzaileei sustapen- eta salmenta-gune bat

Saltokia lortu ahal izateko izena emateko epea apirilaren 23ra arte egongo da zabalik

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostiako Sustapeneko Donostia Moda Klusterraren bitartez, bertako produktu bereizia balioetsi eta marka eta diseinatzaile donostiarrak sustatu nahi ditu. Helburu hori lortzeko, beste deialdi bat abiarazi du bertako sei diseinatzaileri aldi baterako moda-gune bat eskaintzeko, merkataritza-gune batean kokatua, 2018ko udaberri-udako beren bildumak erakuts eta sal ditzaten, Garbera merkataritza-gunearen erdi-erdian dagoen doako eremu batean.

Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzi Ernesto Gascok adierazi duenez, “fakturatzeko eta sustatzeko oso aukera ona da ekimen hau diseinatzaileentzat. Aukera aparta da egunean 12.000-30.000 lagun igarotzen diren eremu batean bertako artisautza-produktua saldu ahal izatea. Gure diseinatzaileek berriro izango dute aukera halako guneetara joaten den jendearengana iristeko”.

Izena emateko epea apirilaren 23ra arte egongo da zabalik Donostiako Sustapenaren webgunean. Hona hemen hautatuak izateko irizpide orokorrak:

  • Diseinatzaileek donostiarrak izan behar dute.
  • 2017ko udaberri-udako bilduma zabala eta askotarikoa eduki behar dute, jendeari zuzenean saltzeko hilabete oso batez.
  • Aintzat hartzen dira kalitatea, konfekzioa eta akaberak, bai eta bildumako jantzi-kopurua ere.

Apirilaren 24an, hautatutako markei jakinaraziko zaie beren bildumak saltzeko aukera izango dutela hilabetez, maiatzaren 2tik 26ra, astelehenetik larunbatera, 10:30etik 21:30era, egunean milaka balizko bezero igarotzen diren eremu pribilegiatu batean. Esperientzia hau urrian errepikatuko da, diseinatzaile donostiarrentzat beste deialdi bat egingo baita.

By | 2018-04-17T14:33:44+00:00 apirila 16th, 2018|Sin categoría|