//Donostia Moda Klusterrak antolatutako lehiaketaren irabazleak, egindako jantziak estreinatu zituzten

Errege Magoek Cinthya Cubillok, Donostia Moda Klusterrak antolatutako lehiaketaren irabazleak, egindako jantziak estreinatu zituzten

Aurten, Errege Magoek Frantzia pasealekuan kokatzen den Gabonetako Merkatuan agertu nahi izan dute, eta hara iristeko, Urumea ibaitik barrena gabarra bat erabili dute. Une horretan ikus ahal izan zen Erregeen jantzi berrien dotoretasuna; hain zuzen ere, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren Donostia Moda Klusterrak sustatutako lehiaketaren irabazleak, Cinthya Cubillok, diseinaturiko eta jositako jantziak. Pertsonaia horien tradizioa eta janzkera errespetatzeko baldintzei jarraiki, diseinatzaile gazteak kolore ezberdinak erabili ditu Errege bakoitzarentzat: granatea Meltxorrentzat, berdea Gasparrentzat eta urdin turkesa Baltasarrentzat. Belusa bordatu die mikrolentejuelekin eta brodatuaren ezarkinak jarri dizkie gerrikoetan, mahuketan eta tuniketan. Jantziak osatzen dituzten larruak sintetikoak eta ekologikoak izan dira. Jantziak forratuta zeuden eta amaierak eskuz josita junturak ez ikusteko. Gainera, prakek poltsikoak zituzten gozokiak gordetzeko.

Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi zuen: “egindako aukeraketarekin, hiriak jantzi berriak oparitu dizkie Erregeei, eskuz egindako brodatuekin; beraz, balioa eman zaio jantziak berritzeari, Ekialdetik datozen Erregeei dagokien kategoria eta guzti. Produktu on bat egitea lortu da, eta batik bat txikienei asko gustatu zaie”.

Errege Magoek, behin Frantzia pasealekuan geratuta, lehen aldi harremanetan jarri ziren Donostiako haurrekin Gabonetako Azokan, eta handik hiriko auzo ezberdinetara joan ziren, azken orduko eskaerak jasotzeko. Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan, berriz, ohiko harrera egin zuten, gutuna ematera hurbildutako haurrak banaka-banaka artatzearekin batera.

Desfilea arratsaldeko seietan hasi zen, eta hiriko erdiguneko kaleetan zehar igaro zen. Desfilean Erregeek parte hartu zuten, bakoitza bere karrozara igota. Haiekin batera trikitilariak, txarangak, su-hiltzaileak, tren turistikoa, autobus turistikoa, Dbus-en autobus hibridoa eta Errege Mago bakoitzaren pajeak eta errege-postariak joan ziren. Halaber, desfilean ez ziren falta izan animalien taldeak. Guztira, 500 bat parte-hartzaile bildu ziren. Desfilea 19:00k aldera amaitu zen, eta 20:00etan, beste behin, su artifizialak bota zituzten Gabonetako Azokatik, Urumea ibaiaren gainean. Suak Santa Katalina eta Maria Kristina zubien artean ikus ahal izan ziren, ibaiaren alde banatan.

By | 2018-01-08T11:00:00+00:00 urtarrila 8th, 2018|Sin categoría|