/, slider-portada-eu/Donostia Moda Klusterreko enpresak Anberes hirira joango dira ehungintza eta moda industria ezagutzera

Donostia Moda Klusterreko enpresak Anberes hirira joango dira ehungintza eta moda industria ezagutzera

Donostiako Sustapeneko Donostia Moda Klusterreko ordezkaritza, Ernesto Gasco alkateordea buru duela, azaroaren 28an, 29an eta 30ean, Anberesko modarekin zerikusia duten eskenatoki nagusietan izan da; izan ere, Anberes hiria mundu-mailako erreferentzia da modaren negozioarentzat, ehungintza-industrian 20.000 lagunek egiten dute lan, eta 7.000 milioi eurotik gorako negozio-bolumena du. Duela bi urte, Donostiako Udalak, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren bitartez, Donostia Moda Klusterra abian jarri zuen, modaren sektorea negozio-hobia bezala suspertzeko asmoarekin, balio-kate osoa hartzen duen estrategiaren bitartez. Donostiako hiriak XX. mendearen hasiera aldera abian jarritako estilo propioa berreskuratu nahi du; hau da, aristokraziak eta Espainiako gizarte dirudunak uda igarotzeko helmuga bezala hautatu eta garai hartako turistek jantzien azken joerak estreinatzen zituzten garaikoa.

Anberes munduko modaren sei hiri nagusietariko bat dela esan daiteke, Paris, Milan, New York, Londres eta Berlinekin batera, eta Donostiarentzat erakargarri egin eta ispilu bilakatzen duten berezitasun asko ditu: milioi erditik apur bat gorako errolda, txikizkako merkataritzarekin duen harreman estua eta prestakuntza-garapena Moda Eskolaren bitartez (mundu-mailako ospetsuenetarikoa). Modaren industria Anberesko ingurune ekonomiko nagusienetarikoa da, eta hiriak sektoreko entitateak biltzen dituen erakunde bat du, Donostiako Donostia Moda Klusterraren antzera. Anberesek bere marka sortzea lortu du hango eskolatik ateratako diseinatzaile handiei esker, mundu-mailan diamantearen potentziarik handiena bezala kokatzea lortu du, hirian moda bultzatzeko zenbait programa eta ibilbide garatu ditu, eta kultura-mailan moda funtsezko zutabeetariko bat izatera iritsi da. Anberes Bruselatik ordu batera kokatzen denez, oso kontuan hartu beharreko hiria da, Donostiaren eta Bruselaren artean kontaktu eta zubi interesgarriak sortu baitaitezke.

Donostiako Sustapenak antolatutako eta Donostiako alkateorde Ernesto Gascok zuzendutako enpresa-eginkizunaren Anberesko agendari hasiera emateko, Anberesko Udaletxean harrera egin zioten Donostiako ordezkaritzari, eta, han, Sormen Ekonomia departamentuko zuzendariak Anberesek dituen indarguneak azaldu zizkien, modaren munduan nazioarteko erreferenteak izateko aukera eman zietenak. Jarraian, Dries Van Noten diseinatzaile ospetsuaren dendara joan ziren, ‘Anberesko seietariko bat’. Arratsaldean, Fashion Walk-ean zehar bisita gidatua egin zuten, flandestar hiriko zona komertzial nagusia; bertan aurkitzen dira goi-mailako joskintzako nahiz prêt-à-porter-eko denda eta eraikin ospetsuak.

amberesl contenido2

Merkataritza-eginkizunak asteazkenean ere aurrera jarraitu zuen, eta Flanders Distric of Creativity-ra joan ziren; hau da, irabazi asmorik gabeko erakunde independentea, modaren sektorearen premiak betetzeko sortua. Era berean, San Andres elizara bisita azkar bat egin zuten; bertan, ama birjinaren jantzia Ann Demeulemeester-en diseinua da, hots, ‘Anberesko seien’ taldeko beste diseinatzaile batena. Ondoren, gipuzkoarrak hiriko Modaren Museora joan ziren, eta bertan ‘Olivier Theyskens – She walks in beauty’ erakusketa ikus ahal izan zuten; Olivier Theyskens diseinatzaile belgikarraren bizitzari buruzko bidaia. Olivierrek Nina Ricci edo Rochas bezalako enpresa ezberdinetan egin du lan.

Ostegunean, espedizioak Anberesko Diamantearen auzoan zehar paseo gidatua egin zuen. Han, diamantearen industriaren garapenaren nahiz salmenta eta bilakaera estrategien berri eman zieten. Ondoren, Bruselara joan ziren Trade Mart ezagutzera; alegia, modako profesionalengana zuzenduriko negozio-zentroa. Bertan, profesionalek trukeak eta topaketak egiteaz gain, profesionalekiko harremanak lantzen dituzte, Moda Klusterrak lortu nahi dituenaren antzekoak.

Anberes Belgikan dagoen hiria da. 2013ko erroldaren arabera, milioi erdi baino biztanle gehiago ditu, eta metropoli-barrutiak 1.449m2 ditu. Erdi Aroan eta Errenazimenduan, Anberesko portua merkantzien Europako merkataritza- eta banaketa-zentro garrantzitsuenetarikoa izan zen. Era berean, munduko zentro ekonomiko garrantzitsuenetarikoa izan da. Gaur egun, Anberesko zazpi enplegutatik bat portuko, merkataritzako eta ehungintzako jarduerarekin lotzen da zuzenean edo zeharka.

Egun, Donostiak modarekin zerikusia duten 1.000 enpresa inguru ditu, eta horietatik 126 industria-enpresak dira: diseinatzaileak, enpresak, jantzigintza edo prestakuntza espezializatuko enpresak. Horietan 2.700 lagunek egiten dute lan; hau da, hiriko enpleguaren %2,63a osatzera iristen da.

amberes 08

Klusterra sortzeko, moda negozio-hobi bezala hartu da, eta agente ezberdinek sektorea suspertzeko estrategia diseinatuko lukete. Modu horretan, ehun solidoa sortu nahi da, enpresek eta profesionalek honako hauen bitartez garatu, areagotu eta etengabe hobetu dezaten:

  • Sormen-prozesua optimizatzea eta profesionalizatzea.
  • Etengabeko prestakuntza, arlo artistikoan zein enpresa-arloan.
  • Produktu bereiztuari eta bertakoari balioa ematea.
  • Donostiako markak eta diseinatzaileak kanpoan sustatzea.
  • Donostiako marka-irudia sortzea, modaren munduan.
  • Fabrikatzailea, komertzializatzailea eta kontsumitzailea sentsibilizatzea modaren kulturak duen balioaren inguruan

Donostiako Sustapenak antolatutako eta Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzia eta alkateordea den Ernesto Gascok zuzendutako enpresa-eginkizunean, Donostiako Udaleko talde politiko ezberdinetako ordezkariek ere hartuko dute parte.

Donostia Moda Klusterra modaren sektorean gure hiriaren garapen ekonomikorako nahiz kalitateko enplegua sortzeko aukera ikusten duten diseinatzaileek, prestakuntza-zentroek, modako espezialistek, saltokiek, fabrikatzaileek, instituzioek, eta abarrek osatzen dute.

By | 2018-04-16T17:06:16+00:00 abendua 4th, 2017|Sin categoría, slider-portada-eu|