//Diseinu dotorea eta ikusgarria Donostiako Errege Magoen jantziak berritzeko

Diseinu dotorea eta ikusgarria Donostiako Errege Magoen jantziak berritzeko

Cinthya Cubillo diseinatzaileak irabazi du Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren Donostia Moda Klusterrak antolatutako lehiaketa, eta, era horretan, Meltxor, Gaspar eta Baltasarren jantzi berriak egin beharko ditu 2018ko urtarrileko Errege Kabalgatarako. Bizkaiako diseinatzaile gazteak behin betiko jantziak egin beharko ditu epaimahaiak proposaturiko aldaketekin.

Jaietako zinegotzia den Alfonso Gurpeguik ondorengoa adierazi nahi izan zuen: “Cinthya Cubilloren proiektua hautatu dugu Errege Magoen ikusgarritasuna eta glamourra adierazten duelako xarma funtzionaltasunarekin lotzen duen proposamen berriaren bitartez. Gure ustez, erregeen irudia berritzea lortu du jantzien diseinuarekin eta prestaketarekin”.

Zortzi proiektu aurkeztu dira “Errege Magoak Berritu” izeneko lehiaketa publikora, Donostian tokiko diseinua bultzatzeko, hazteko, garatzeko eta ikustarazteko Donostia Moda Klusterraren 2017ko Jarduera Planaren estrategian antolatutako jardueren barruan. Plan horretan, sektorea indartzera bideratutako ekimen guztiak biltzen dira.

Epaimahaia honako hauek osatu dute: Jaietako zinegotzia den Alfonso Gurpeguik, Donostia Moda Klusterreko arduraduna den Laura Chamorrok, Garbera Zentro Komertzialeko kudeatzailea den Nuria Vegasek, AEG Ikastetxeko ehungintza departamentuko ordezkaria den Ana Corzok, eta Manuela va de fiestako zuzendari sortzailea den Elma Frances diseinatzaileak. Zortzi diseinatzailek parte hartu dute eta beren proposamenak epaimahaiaren aurrean azaldu dituzte. Aurkeztutako proiektu guztiek hiru Errege Magoen tradizioa eta janzkera errespetatu behar zuten, proposamenak epaimahaiak kontuan harturiko baldintzen arabera egitearekin batera:

  • Errege Magoen neguko jantzien ehunak eta materialak erabiltzea.
  • Hiru estilismoek sormena, orijinaltasuna eta berrikuntza izatea.
  • Abangoardiaren eta klasizismoaren artean oreka lortzea.

Azkenik, Cinthya Cubilloren proiektua hautatu da. Donostiako gazteak epaimahaia bereganatu du bere proposamenarekin, eta Garbera Zentro Komertzialak eskainitako 4.000 euroko saria eskuratu du. Orain, hiru jantziak egin beharko ditu epaimahaiko kideek proposaturiko aldaketekin. Errege Magoen behin betiko jantziak abenduaren hasiera aldera aurkeztuko dira.

Lehiaketaren bidez, Donostia Moda Klusterraren helburua da Errege Magoen Kabalgata bezalako ekitaldi hain ezaguna eta tradizionala aprobetxatzea tokiko diseinatzaileei beste aukera bat emateko, Errege Magoen diseinu berriak sortuaz eta sormen-lan horiek herritarren aurrean erakutsiaz.

By | 2018-04-16T17:14:43+00:00 iraila 5th, 2017|Sin categoría|