//“Street Style Donostian – Txatal historikoak” erakusketaren inaugurazioa

“Street Style Donostian – Txatal historikoak” erakusketaren inaugurazioa

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren Donostia Moda Klusterrak sustatutako erakusketa Miramar Jauregian izango da urriaren 30era bitarte, eta, bertan, modaren presentzia eta bilakaera historikoa ikus ahal izango da Donostiako kaleetan eta hiriko espaziorik enblematikoenetan. Bidaia hori egiteko, Kutxa Fototekako artxiboko 30 argazki erabiliko dira, XX. mendearen hasieratik mende bereko hirurogeiko hamarkadaren amaierara bitartekoak.

expo fotos moda contenido3

Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi nahi izan du: “berrikuntzaren eta espezializazioaren aldeko apustua egitea eta hiriko sektore estrategikoak bultzatzea Zinegotzi honen helburu nagusiak dira. Donostia Moda Klusterrak beste urrats bat eman du Donostian Cristobal Balenciagaren lehen saltokia ireki zen urtearekin bat eginez, eta, modaren kultura berriro kalean erakusteaz gain, Donostiako merkataritza berezian kontsumitzea bultzatu du, hiriko motore ekonomikoaren ezinbesteko faktorea izanik. Erakusketa honen bitartez ikus daiteke modaren sektorea, turismo-oldeak bultzatuta, historikoki funtsezko sektorea izan dela hiriaren garapen ekonomikoan, Donostiako Sustapenaren Donostia Moda Klusterra berreskuratuaz eta bultzatuaz balioa ematen ari den ondarea”. Horrez gain, honako hau gehitu du: “erakusketa-proiektu honi esker, Donostia Moda Klusterrak modaren dimentsio kulturala sustatzen du, Donostiaren beste ezaugarri bat bezala”.

Donostia erregeek uda igarotzeko helmuga bezala hautatu izanak hiria janzteko azken joerak estreinatzeko lekuetariko bat bezala finkatu zuen, eta hiri dotoretzat hartu zen. Erakusketari esker jakin daiteke adjektibo hori ez zegoela gizarte aberatsari eta udatiar aristokratikoei soilik lotuta. Imitazio-efektua modaren funtzionamenduaren barne-mekanismoa da, eta horrek “ondo janztearen” interes orokorra sortu zuen; ondorioz, osagarrien saltokiak eta joskintzako tailerrak behar ziren, eta horrek guztiak dotoretasunaren ospea eman zion hiriari. Testuinguru horretan sortu zen Donostian Balenciaga etxea, eta aurten horren mendeurrena ospatzen da.

Erakusketak Kutxa Fototekaren eta UPV/EHUko Udako Ikastaroen laguntza du, eta erakusketaren komisariotzaz Ana Balda arduratzen da, Ekonomi eta Enpresa Zientzietan lizentziatua eta Komunikazioan doktorea, Balenciaga Etxearen komunikazio-politikari buruzko tesia duena. Haren espezializazio-arloak hauek dira: modaren historia, argazkigintza eta prentsa. Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio eta Modaren Nazioarteko Programako irakaslea da. Irakaskuntzako eta ikerkuntzako lanekin batera, erakusketen aholkularitza eta komisariotza lanak egiten ditu.

expo fotos moda contenido1

ERAKUSKETAREN ETAPAK

VICTORIA EUGENIA

Victoria Eugenia erregina hirian ikustea oso ohikoa zen 1910eko eta 1920ko hamarkadetako uda-garaian. Nazioarteko dotoreziaren ikurra zen. Itxura estilizatua, garai hartako modako silueta zuzena eta luzatua, prentsa espezializatuan argitaratutako ilustrazioen eta argazkien isla zen. Parisko joskintza-etxe ospetsuek sukurtsalak ireki zituzten Donostian eta Biarritzen, eta erregina horietara sarri joaten zen.

20KO HAMARKADA

Donostiako kaleak jendez betetako moda-pasarela izatera iristen ziren udan, eta hogeiko hamarkadako linea lasaiaren bertsio dotoreak ikus zitezkeen. Hondartzak ere ez ziren salbuespen. Osagarrien salmentako denda espezializatuak eta joskintzako tailerrak sortzen joan ziren, eta, horiei esker, Paristik Chanel-ek, Vionnet-ek edo Lanvin-ek agindutako azken modako bertsio eskuragarriagoak estreinatu ahal izan zituzten donostiarrek.

30EKO HAMARKADA

Hogeiko hamarkadako silueta zuzena eta lasaia gorpuzkerara gehiago egokitutakoa izatera iritsi zen 1930eko hamarkadan, zeharkako soinekoen modari esker. Donostiako uda unerik egokiena zen kaleetan estetika femeninoa ikusteko, ezkutatzen zuten berokirik gabe. Donostiako hondartzak puntuzko pijamaz bete ziren udako modako espazio bezala finkatzearren.

40KO HAMARKADA

Munduko II. Gerrako urteak urritasun eta murrizketa garaiak izan ziren, etapa gogorra joerak markatzen zituen Frantziako goi-mailako joskintzarentzat. Garai hartan, modan jarri ziren trajeak eta soineko soilak. Oihal-kopuru mugatuekin egiten zituzten, eta emakume frantsesak kapela bitxiez eta adats erakargarriez baliatzen ziren horiek osatzeko. Donostia testuinguru neutralean bizi bazen ere, bertako lekuak gerrako moda horretaz bete ziren.

50EKO HAMARKADA

1947. urtean, Christian Dior-ek modara iraultza ekarri zuen liztor gerriaren eta gona handiaren New Look-arekin, eta estetika 1950eko hamarkadan nagusitu zen. Donostian, ezkontzak, familia-ospakizunak eta jaiak egun egokiak ziren Dior estiloko bertsioak estreinatzeko. Zinemaldira gonbidatutako pertsona ospetsu askok beren egonaldia aprobetxatzen zuten hiriaz gozatzeko. Kasu horietan, haien look-ak, nahiz eta sport erakoa eta erosoa izan, zinemako artista handien glamourra bera erakusten jarraitzen zuen.

HELBIDEA

Miramar Jauregia

Mirakontxa pasealekua 48, 20007

Donostia

ORDUTEGIA

2017ko uztailaren 3tik 2017ko urriaren 30era

Egunero

09:00 – 21:00

By | 2018-04-17T14:41:22+00:00 uztaila 3rd, 2017|Sin categoría|