//Irekitzear da Errege Magoen jantziak diseinatzeko deialdia

Irekitzear da Errege Magoen jantziak diseinatzeko deialdia

Sustapen Ekonomikoko Zinegotzitzaren Donostia Moda Klusterrak “Eraberritu itzazu Errege Magoak” lehiaketa abiarazi du; parte hartu nahi duten bertako diseinatzaileek beren sormen guztia garatu ahal izango dute, urtarrilaren 5ean egingo den Kabalgatarako Errege Magoen hiru trajeak diseinatzen eta egiten. Hiru Errege Magoen tradizioa eta oinarrizko janzkera errespetatu beharko dituzte bozetoek.

Ekainaren 27an abiaraziko da “Eraberritu itzazu Errege Magoak” lehiaketa publikoa, Donostian bertako diseinua bultzatzeko, hazteko, garatzeko eta ikusarazteko programatutako jardueren barruan; jarduera horiek, era berean, sektorea indartzera bideratutako ekimen guztiak jasotzen dituen Donostia Moda Klusterraren 2017ko Ekintza Planaren estrategian sartzen dira. Ernesto Gasco alkateordeak adierazi zuenez, “Errege Magoen Kabalgata horren ezaguna eta tradizionala izanik, hori aprobetxatu nahi izan da bertako diseinatzaileei beste aukera bat emateko, Errege Magoentzako diseinu berrituak sortu eta herritarren aurrean erakutsi ahal izan ditzaten”.

Interesa duen edozein diseinatzailek izango du parte hartzeko aukera, moda-diseinuko profesionalek zein ikasleek. Hiru Errege Magoen tradizioa eta oinarrizko janzkera errespetatzea izango da bete beharreko eskakizun bakarra. Uztailaren 27an amaituko da izena emateko epea. Egun horretatik abuztuaren 10era arte, epaimahaiak –modaren sektoreko esperientzia handiko pertsonek eta hiriko Kabalgatako antolakuntzan parte hartzen dutenek osatuko dute proposamen guztiak aztertu, baloratu eta ebaluatuko ditu, irizpide hauen arabera:

  • Errege Magoen neguko janzkeraren berezko ehunak eta materialak erabiltzea.
  • Sormena, orijinaltasuna eta berrikuntza hiru estilismoetan.
  • Abangoardiaren eta figuren klasizismoaren arteko oreka.

Ostiralean, abuztuak 11, jakinaraziko da zein izango diren 10 bozeto finalistak; bozeto horien egileek beren diseinuak egin beharko dituzte. Nahikoa izango da maniki batean ikusteko moduan albainduta aurkeztea. Irailaren 4an jakinaraziko da diseinatzaile irabazlearen izena, eta bera izango da Errege Magoentzako behin betiko jantziak egiteaz arduratuko dena. Saria 4.000 eurokoa izango da.

By | 2018-04-16T17:46:07+00:00 ekaina 26th, 2017|Sin categoría|