//Donostia Moda Klusterrak Milan bisitatu du, modaren industriako gakoak eskuratzeko

Donostia Moda Klusterrak Milan bisitatu du, modaren industriako gakoak eskuratzeko

Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismoko Zinegotzigoak antolatutako Enpresa-misioak Donostiako moda sektoreko esparru desberdinetako ordezkariak eraman zituen mundu mailako modaren hiriburura iragan azaroaren 17an, Sistema Moda Italia, 40.000 enpresa italiar inguru ordezkatzen dituen federazioa, edo Marangoni Institutua, nazioartean nagusi den moda eskola bezalako erakundeak bisitatu zituztelarik. Ernesto Gasco Ekonomia Bultzatzeko Zinegotziak, misioa bukatzean adierazi zuenez, “munduko modaren hiriburura etorri gara Moda Donostia kontzeptua oinarri sendoen gainean eraiki nahi dugulako, eta, Italian duten formakuntza sistema ikusita, Donostiak modaren institutu baten beharra duela pentsatzen dugu, zeinetan diseinatzaile eta fabrikatzaileek parte hartuko duten”.

Milan modaren eta diseinuaren sorlekutzat jotzen da. Hirian egoitza duten markako boutique kopurua da aurpegi ezagunena (Armani, Prada, Versace, Dolce Gabana, Miu Miu, eta abar), baina, honen atzetik, 3.000 moda enpresa eta 600 erakustareto baino gehiagok osatutako sare bat artikulatzen da, nazioarteko publizitate eta harreman publikoetako agentzia aktibo eta garrantzitsuenez gain. Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoko Donostia Moda Klusterretik antolatu zen enpresa-misio hau, zeinetan modari lotutako Donostiako firma, formakuntza zentro eta instituzio desberdinek hartu zuten parte, modaren sektore propio baten garapenean ezarri ahal izateko ezagutzak lortzeko helburuarekin. Beste helburuetako bat Italian modako sektorearen baitako federazio eta elkarteekin kontaktua ezartzea zen, eta baita lehen mailako formakuntza zentroekin eta Milaneko Udaletxe eta Merkataritza- ganberarekin ere, etorkizunean Donostian proiektuak inplementatu ahal izateko (goi mailako formakuntza, industriaren garapena, eta abar).

Donostiako Sustapenak antolatu duen eta Ernesto Gasco Garapen Ekonomiko, Merkataritza, Ostalaritza eta Turismoko zinegotzia buru izan duen misioan Donostiako Udaletxeko talde politiko desberdinetako ordezkariek ere parte hartu zuten, EAJ taldeko Jaime Dominguez-Macaya, PPko zinegotzi Miren Albistur edo Begoña Palos zinegotzi sozialistak kasu.

Sistema Moda Italia Federazioa izan zen bisitarako lehen helmuga (http://www.sistemamodaitalia.com), Mendebaldean ehun- eta moda- fabrikatzaileen ordezkari den erakunde nagusietako bat, 52.000 milioi euroko fakturazioa, 40.000 enpresa eta 400.000 enplegu dauzkan sektorea. Erakundeko arduradunek italiar moda enpresen interesen defentsarako estrategiak, eta jasangarritasuna, internazionalizazioa eta berrikuntza oinarri dituen etorkizunera begirako erronkak azaldu zizkieten ordezkaritza donostiarrari, belaunaldi berriekiko esperientziak ildo hartuta.

Gainera, misio donostiarrak Marangoni Institutuko instalazioak ere bisitatu zituen, Milanen, Parisen, Londresen, Shangain edota Florentzian egoitzak dituen nazioarteko moda eskola nagusia. Sabina Pangrazzi Garapen Akademikorako Zuzendariak delegazio donostiarrari azaldu zionez, Milaneko egoitzatik bakarrik moda sektoreko 200 ikasle pasatzen dira urtero, zeinen artean Armani bezalako diseinatzaileek etorkizuneko profesionalak hautatzen dituzten.

Milano Fashion Institute izan zen delegazio donostiarrari ateak ireki zizkion beste formakuntza zentroetako bat. 2007an sortutako modaren industriako goi mailako hezkuntzarako unibertsitateen arteko partzuergoa da, zeinaren formakuntza programak diziplina desberdinetako ikertzaile eta akademikoak batzen dituen. Nicola Guerini Zuzendari Nagusiak enpresa-misioari azaldu zionez, diziplinarteko konpetentziak dituzten gazte profesionalak eskatzen dituzten enpresen beharrizanei erantzuna ematea da beren helburua.

Enpresen misioak aurreikusita zeukan beste bisitetako bat Armani Silos Museokoa zen, iaz martxan jarri zen diseinatzaile italiarraren ekimen bat, gaika banaturiko diseinatzailearen 600 jantzi eta osagarrik osatutako bilduma bat biltzen duena. Ordezkari donostiarrek 4.500 metro karratuak ibili ahal izan zituzten, zeinen bitartez jostunaren historia eta estetika kontatzen diren. Gainera, Milaneko Moda Museoa ere bisitatu ahal izan zuten, Morando Jauregian egoitza duena, 2010ean Milaneko Museo zaharreko arte-ondasunari ikusgarritasuna emateko irekitako espazio ireki bat.

By | 2018-04-18T15:24:58+00:00 azaroa 21st, 2016|Sin categoría|