//Donostiako merkataritzak abian jarri ditu tokiko diseinatzaileen “Made in San Sebastián” moda kornerrak

Donostiako merkataritzak abian jarri ditu tokiko diseinatzaileen “Made in San Sebastián” moda kornerrak

Hiriko hainbat saltokitan jarriko dira tokiko diseinatzaileek egindako produktuen salmenta-puntuak. Era horretan, hasiera emango zaio Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko Zinegotzigoaren Donostia Moda klusterrak eta hiriko merkataritza- ehunak sustatutako lankidetzari, lehenak Donostiako Sustapenaren bitartez eta bigarrenak Gipuzkoako Merkataritza Federazioaren bitartez. Une honetan, hauek dira Donostian ekimenarekin bat egin duten saltokiak: “N Concept Store, Kberbi New, eta Gipuzkoan Baoba y GKO Gallery, beste batzuen artean.”

Ekonomia Bultzatzeko Saileko zinegotzia den Ernesto Gascok honela adierazi nahi izan zuen: “gure lana da tokiko diseinatzaileen garapen profesionala erraztea, eta, ekimen honi eta hiriko merkataritzaren inplikazioari esker, diseinatzaileek beren produktuak merkatuan jartzea lortu dugu, ez baita batere erraza marka handien hegemonia dela-eta”. Halaber, ondorengoa azaldu zuen: “Donostia Moda klusterra aspaldi hasi zen proiektu hau jorratzen, eta orain emaitzak jasotzen hasi gara”.

Donostiako Sustapenaren Donostia Moda klusterra arduratu da tokiko diseinatzaileen modako kornerren plana aktibatzeaz. Lehenik eta behin, hamar diseinatzaile hautatu zituen haien produktuak hiriko merkataritzari eskaintzeko. Era horretan, diseinatzaileen eta saltokien arteko topaketa egin zen irailaren 13an, produktuak erakutsi ahal izateko, eta, ondorioz, hainbat akordio komertzial burutu ziren tokiko diseinatzaileen arropa eta osagaiak ekimenean parte hartutako saltokien gune espezifikoetan saltzen jartzearren.

Donostia Moda klusterrak hautaturiko hamar diseinatzailek beren produktuak saltoki gehiagori eta azken kontsumitzaileari eskaintzeko aukera izango dute Donostia Moda klusterrak antolatutako market-showroom-aren edizio berrian parte hartuta; hain zuzen ere, Tabakaleran izango da, Gipuzkoa Modan jaialdiaren esparruan, urriaren 14an eta 15ean. Jarduera hau modako saltokientzat eta oro har publikoarentzat da. Horrela, tokiko diseinatzaileek jarritako produktuak erosi ahal izango dira. Hona hemen parte hartutako diseinatzaileen zerrenda:

  1. ALI Fashion Fiction
  2. Amarenak
  3. Ana Olazabal
  4. Laia Varela
  5. Lavandera
  6. Nat and Cloth
  7. Nerea Lurgain
  8. Pispiripispo
  9. Tocados OH
  10. Urtzi Alkain

Horrez gain, Donostia Moda klusterrak hitzaldi profesionalak antolatu ditu Gipuzkoa modan jaialdiaren esparruan. Oraingoan, “See now, buy now” fenomenoa hautatu da mahai-inguruaren ardatz gisa. Mahai-inguru horretan, Roberto Verino diseinatzaile handiak hartuko du parte, Conchu Uzkudun (Minimil), Elma Francés (Manuela va de fiesta), Ricardo Bilbao (Hakei) eta Iñaki Echeverría (Hugo Boss) bezalako tokiko diseinatzaileekin batera. Saioa urriaren 14an (ostirala) izango da, 11:35etik 13:35era bitartean, Tabakaleran, eta bertara joateko aurrez izena eman behar da Donostiako Sustapenaren bitartez.

Moda-sektorean sartzen dira produkzio-ehun osoa eta, zentzu zabalean, janzteko arropak, oinetakoak eta osagaiak sortzearekin loturiko enpleguak eta zerbitzuak. “Donostian, moda-eremuko 1.000 bat enpresa eta saltoki daude, eta horietatik 126 industria-enpresak dira: diseinatzaileak, enpresak, jantzigintzako enpresak, prestakuntza espezializatua, e.a.”, adierazi zuen Ernesto Gascok. “Sektorean 2.750 lagunek egiten dute lan modu zuzenean, industria-sektorearen eta merkataritzaren artean; hau da, hiriko enplegu osoaren %2’63 hartzen du. Jarduera ekonomikoak 98’5 milioi euro inguruko fakturazio-ratioak eskaintzen ditu”.

By | 2018-04-18T15:58:37+00:00 urria 3rd, 2016|Sin categoría|