//Materialak, berrikuntzaren eta sormenaren iturri modaren industrian

Materialak, berrikuntzaren eta sormenaren iturri modaren industrian

“Balenciaga, parpailan barrena” erakusketari amaiera emateko jarduera, Donostia Sustapeneko, Donostia Moda.

Bi ikuspegi landuko dituzte jardunaldi honetan. Batetik, ikuspegi historikoa, Cristóbal Balenciagak egindako ekarpenak aztertzeko. Catherine Join-Diéterle mintzatuko zaigu horri buruz, Ondarearen Kontserbatzailea, Galliera Museoko zuzendari ohia, eta «Balenciaga, parpailan barrena» erakusketaren komisarioa. Bestetik, egungo ikuspegia jorratuko dugu, modaren munduan gaur egun dauden eta etorkizun hurbilean egongo diren material berrien ekoizpenaz eta erabileraz egindako ikerketak eta hautemandako joerak ezagutzeko. Micol Costi arituko zaigu horretaz, Material ConneXion kontsultoretzako Library & Material Research arloko zuzendaria.

Cristóbal Balenciagak oso ondo ezagutzen zituen ehunak. Jakintza sakon horri esker, ehunen ezaugarri teknikoak kontuan hartu, eta egokienak aukeratzen zituen, ahalik eta ekarpen estetiko eta funtzional handienak egiteko. Horregatik, eta horretarako, sarritan aritzen zen bere sorkariak gauzatzeko ehun berriak eta erabilera berriak aztertzen. Hala egin zuen, adibidez, parpailarekin. Horren erakusle da «Balenciaga, parpailan barrena» erakusketa. Moda-sortzaileak oso gogoko zuen parpaila, eta inork ez bezalako arreta eskaini zion: berreskuratu, berregokitu eta berrinterpretatu egin zuen, eta ohorezko lekua egin zion moda garaikidearen esparruan.

Gaur egun, ikerketa zientifikoak, aplikazio teknologikoek, paradigma soziologiko berrien aurrerapenek eta kontsumitzaileen jokabideetan diren joera berriek testuinguru emankorra sortzen dute material berriak formulatzeko eta material horiek modaren munduan barneratzeko. Aniztasun handia dagoenez material berrien izaeran, osaeran, erabilgarritasunean eta xedagarritasunean, halakoek berrikuntzarako eta bereizkuntzarako daukaten ahalmen itzela erakusteko formularik aproposena hauxe da, gure ustez: material berrien artean batzuk aukeratzea eta aplikazio praktikoaren bidez ezagutaraztea.

  • Data: Irailaren 17a (larunbata)
  • Ordutegia: 11:00 – 13:30, gutxi gorabehera.

Egitaraua:

11:00. Ekimenaren, hitzaldien eta hizlarien aurkezpena

11:10 – 12:00. Catherine Join-Diéterle

Materialak Cristóbal Balenciagaren sorkarietan

12:00 – 12:30. Atsedenaldia

12:30 – 13:20. Micol Costi

Modarako berrikuntza materiala: datozkigun ehunen forma harrigarriak.

«Balenciaga, parpailan barrena» erakusketara bisita librea

Hitzaldiak Cristóbal Balenciaga Museoan izango dira.

Sarrera doan. Plaza mugatuak. Beharrezkoa da izena ematea.

* Jardunaldian Donostia Sustapeneko, Donostia Moda klusterrak kolaboratu du. *

HIZLARIEN ERRESEINA BIOGRAFIKOA

Catherine Join-Diéterle. Zientzia Politikoetan diplomaduna, Artearen Historian doktorea eta kontserbatzailea da Catherine Join-Diéterle. Parisko Petit Palais Museoko Arte-objektuen Saileko buru izan zen hamabost urtez. 1988an Galliera Museoan hasi zen lanean, eta bertako zuzendari izan zen 1989tik 2009ra. Hainbat erakusketa komisariatu zituen han; besteak beste, «Robes du soir», «Givenchy», «Marlene Dietrich» eta «Sous l’Empire des crinolines». Louvreko Eskolan Modaren katedra sortu zuen, eta sei urtez irakasle aritu zen ikastetxe horretan. Erretiroa hartuta egon arren, eskolak ematen jarraitzen du, bai eta erakusketak antolatzen ere. Horren adibide dira 2012an Eszenarako eta Eszenografiarako Jantzien Zentrorako antolatu zuen «L’Envers du décor» erakusketa, XIX. mendeko eszenografiari buruzkoa, bere doktore-tesian oinarritua, eta, halaber, Calaisko Parpailaren Museoak eta Getariako Cristóbal Balenciaga Museoak elkarlanean antolatutako «Balenciaga, parpailan barrena» erakusketa.

Micol Costi. Library & Materials Research saileko zuzendaria da, eta Material ConneXion kontsultoretzako kidea. Materialen arloko aholkularitza zuzentzen du, produktu eta prozesu berritzaileak lortzeko xedearekin. Hainbat sektoretan da aditu; besteak beste, produktuaren diseinuan, arkitekturan, automozioan, altzarigintzan, paketegintzan eta modan. Materialen diseinu berritzailearekin eta jasangarritasunerako diseinuarekin lotutako erakusketak komisariatu ditu, eta hainbat liburu argitaratu ditu, beste egile batzuekin lankidetzan, material aurreratuei eta material jasangarrien garapenari buruz. Material berritzaileei buruzko mintegiak antolatzen ditu, hitzaldiak ematen ditu, mahai-inguruetan moderatzaile aritzen da, eta azken belaunaldiko materialek zein transferentzia teknologikoek eskaintzen dituzten aukerak aztertzen aritzen da. Bestalde, unibertsitate eta diseinu-ikastetxe ugaritan aritu da eskolak eta hitzaldiak ematen.

By | 2018-04-18T16:44:39+00:00 iraila 2nd, 2016|Sin categoría|