//Aste Nagusiko zapia diseinatzeko hamar finalista hautatu dira

Aste Nagusiko zapia diseinatzeko hamar finalista hautatu dira

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren Moda Klusterrak 2016ko Aste Nagusiko zapia hautatzeko lehiaketa antolatu du, eta orain beste urrats bat eman da. Dagoeneko badakigu zeintzuk diren, lehen egindako zirriborroan oinarrituta, orain zapia sortu eta diseinatu beharko duten hamar diseinatzaileak/finalistak; hain zuzen ere, honako hauek dira: Ane Arsuaga, ANUK estudio, Cristina Iraundegui, Iñigo García Villanueva, Karla Montoto, Lara Aranzabal, Laura Poza, Naiara Alonso, Paula Bonilla eta Tochy&Pochy. Zapia ekainaren 20an aurkeztuko da epaimahaiaren aurrean, eta azken horrek egun horretan bertan hautatuko du 2016ko Aste Nagusiko jaietarako azken eredua. Irabazleak 1.000 euroko saria eskuratuko du.

2016. urtean eta Donostian tokiko diseinua sustatzeko, bultzatzeko, hazteko, garatzeko eta bistaratzeko antolatutako jardueren barnean, pasa den martxoan aurkeztu zen ‘2016 puntada’ lehiaketa. Hain zuzen ere, 2016ko Aste Nagusiko zapiaren diseinu berria egiteko eta sortzeko bertako diseinatzaileek beren sormen guztia garatu ahal izan zuten.

Lehiaketan parte hartu nahi zuten diseinatzaileei deitu zitzaien (profesionalak eta moda-diseinuko ikasleak), eta parte-hartzaile bakoitzak nahi zituen zirriborro guztiak aurkez zitzakeen. Era horretan, hiriko modaren sektorean esperientzia handiko pertsonek osatutako epaimahaiak hamar onenak hautatu zituen. Epaimahai horretan, ondorengoak aurkitzen ziren: Ernesto Gasco, Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotzia; Laura Chamorro, Donostia Moda Klusterreko arduradun teknikoa; Mari Mar de Sosa, Zaharrean-Centro Erdi Elkartearen koordinatzailea; AEG Ikastetxeko Ehun Saila; eta Asun Dominguez Eskolako zuzendaria.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzia den Ernesto Gascok ondorengoa adierazi zuen: “Klusterraren sormena eta hirian diseinuaren eta sormenaren aldetik dugun talentuaren emari garrantzitsua aprobetxatu nahi dugu Aste Nagusia bezalako gertaera garrantzitsurako. Hurbiltze eta saiakera asko izan ditugu, baina leku askotan jaiak identifikatzen dituen jai-elementu hori ez dugu topatu; hots, zapia”.

Ildo horretan, Aste Nagusian zapi urdina ezartzeko egindako ahaleginak gogoratu zituen, duela urte batzuk Udalak nola banatu zituen zapi erdi zuri erdi urdinak, edota merkatarien elkarteek egindako kanpainak bezeroei jaietarako zapi urdina oparituaz. “Orain, zapi bakarra topatu nahi dugu, Donostiakoa, herritarrak jaietan lepoan jartzera animatuko dituena. Jakin badakigu jai hauek ez direla San Ferminak, baina jende askok egin nahi du bat jaiekin zapi baten bidez besterik ez bada ere”, esan zuen Gascok.

Halaber, Gascok gogorarazi nahi izan zuen Zinegotzigoaren helburuetariko bat dela, Donostiako Sustapena Sozietatearen bitartez, hirirako motore ekonomikoak izango diren sektore emergenteak eta estrategikoak indartzea. Muin horretatik sortu zen Moda Klusterra, Donostian industria hori indartzeko lanean ari dena pertsona profesionalekin eta sektoreko enpresekin.

By | 2018-04-19T16:02:35+00:00 ekaina 10th, 2016|Sin categoría|