//Donostia Moda Klusterrak Balenciagari buruzko jardunaldiak antolatu ditu

Donostia Moda Klusterrak Balenciagari buruzko jardunaldiak antolatu ditu

Saioak Donostiako Maria Cristina Hotelean egingo dira ostegunetan, apirilak 14an, 21ean eta 28an eta maiatzak 5ean. Jostun gipuzkoarrean adituak diren hainbat pertsonek, naziokoek eta nazioartekoek, hartuko dute parte eta artistaren bizitza eta obra ikuspegi desberdinetatik aztertuko dute. Donostia Moda Klusterrak, Ekonomia Sustatzeko Zinegotzigoaren eskariz, Balenciaga estiloak gaur egungo diseinuan markatutako lorratza balioztatzea lortu nahi du.

“Balenciaga Donostiako eta Gipuzkoa osoko modaren erreferentea da. Nazioarte-mailan duen irudia, bere izena daraman museo zoragarrian erakusketa bat egiteko zorionez berreskuratu den ondarea, gidari den itsasargi da, industria horretan egun bidea urratu nahi duten diseinatzaile gazte asko eta, baita, hain gazteak ez direnak ere, erakartzen dituen eredua” argudiatu zuen Ernesto Gasco Ekonomia Sustatzeko Zinegotzigoko zinegotziak.

Cristobal Balenciaga Parisko goi-mailako joskintzako buru ukaezina izan zen bere ospe handieneko garaian. Christian Diorrek “gu guztion maisua” eta Coco Chanelek “couturier bakarra” deitu zioten eta nazioarte-mailako ospe horrek Donostiaren enbaxadore nagusienetakoan ere bihurtu zuen; izan ere, Donostian ireki zuen bere lehenengo establezimendua eta hor burutu zuen jarduera profesional luze eta sendoa Parisen debutatu aurretik.

Donostia Moda Klusterraren sustatzaile gisa, Ernesto Gasco jaunak honako hau adierazi zuen: “moda sormena da, baina industria da. Horrela ulertu zuen Balenciagak berak ere, bere adierazpenik nagusiena bere herrialdetik kanpo izan zuenak. Orain nahi duguna, ekintzaileei eta sortzaileei eskainitako laguntza ausartetik, ahalegin horrek gure lurraldeari ekarpen handia egin diezaiokeen industria finkatu dezala da Donostiaren marka ospetsua sendotuz.”

Horregatik, hain zuzen, Balenciagak Getariako Balenciaga Museoak programatutako jarduerez eta erakusketez gain, DSS2016 kultur ekintzetan ere presentzia nabarmena edukitzea merezi du. Testuinguru horretan, Donostia Moda Klusterrak bere omenez ziklo bat antolatu du, apirilak 14tik maiatzak 5era bitartean Donostiako Maria Cristina Hotelean.

Jardunaldiak modaren sektoreko profesional guztiei zuzenduta daude. Balenciaga hiriaren enbaxadore bikaina zenez, interesgarriak dira jostunaren hainbat alderdi sakonean ezagutu nahi dituen edonorentzat, esate baterako, bere ibilbidea, modernitatea eta originaltasuna edota hark informazio-bideekin zuen harremana.

Saioak 19:00etan izango dira eta horietan parte hartzeko izena eman behar da Donostiako Sustapenaren web orrian. Bertan, Cristobal Balenciagaren figuran adituak diren hainbatek artistaren bizitza eta obra ikuspegi desberdinetatik aztertuko dute:

2016ko apirilak 14an. “Balenciaga, jostun unibertsala”, Amalia Descalzo-ren eskutik.

Artearen Historian doktore den honek, Cristobal Balenciaga Museoko erakusketa iraunkorreko proiektu museologikoan parte hartu zuenak, euskal jostunak forma berrien bilaketan izandako balioa jarriko du fokupean. Txostengileak Balenciagak teknikaren ezagutzaren eta bere ideiak gauzatzeko erabiltzen zituen materialen bitartez bolumenak, garai hartarakoharrigarria zen modernitatearekin, nola gauzatu zituen azalduko du. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: Harper’s Bazaar-en Carmel Snow tunika; jantzi hori jostunen belaunaldi berriak inspiratu zituen inflexio-puntua izan zen.

2016ko apirilak 21ean. “Cristobal Balenciaga, komunikazio-politika berezia” Ana Balda Aranaren eskutik.

Balenciagari buruz argitaratutako literaturan, behin eta berriz errepikatzen dira jostunari egindako aipamen batzuk, esaterako, pertsonaia enigmatikoa eta misteriotsua zela, gizarte-ekitaldietara nekez joaten zena, elkarrizketak eskaintzea batere gogoko ez zuena eta bere lanean soilik zentraturik zegoena. Ezaugarri horiek, batez ere, bere izaerarekin eta prentsarenganako eta publizitatearenganako sentitzen zuen ezinikusiarekin lotuta daude. Hitzaldi honekin azaldu nahi da jostunaren figuraren azterketak Parisko goi-mailako joskintzaren negozioaren testuinguru propioan –giro horretan moldatu behar baitzuen–, nabarmen uzten duela ez zela izaera-kontu edo izaera artistiko soileko arrazoiengatik izan, baizik eta, bestelako arrazoiak zeudela. Gainerako guztiaren gainetik, bere jarrera bat zetorren Balenciaga marka komunikatzeko berariazko politikarekin. Txostengilea, Ana Balda andrea, Zientzia Ekonomikoetan eta Enpresa-Zientziatan lizentziatua da, Komunikazioetan doktorea, Balenciagaren Parisko enpresaren komunikazio-politikan oinarritutako tesia egin duena.

2016ko apirilak 28an. “Cristobal Balenciaga edo aparta izatearen magia”, Lourdes Cerrillo Rubioren eskutik.

Hitzaldi honek jostunaren nortasun sortzailearen izaera esploratzea du xede, harengan izaera artistikoarekin bat-egite nabarmenak aurkituz. Gazterik talentu handikoa izatetik lanagatiko obsesiora, bakardadean bizi izatetik perfekzioaren bilaketara bitartekoak barnebiltzen dituena. Eta artista plastiko handiekin gertatu ohi den moduan, Balenciagaren ibilbidea ere, bere originaltasunaren magiaz zehazturik dago. Lourdes Cerrillo Artearen Historiako irakasle titularra da Valladolideko Unibertsitatean eta bere azterketa kultura artistiko garaikidearen azterketan oinarritu du, arreta berezia eskainiz arte plastikoen eta modaren munduaren arteko bat-egiteei.

2016ko maiatzak 5ean. “Balenciaga Parisen: 40 urte zituenean lekualdatu izanaren abantailak”, Lesley Ellis Milleren eskutik.

Donostian bere lehenengo denda ireki zuenetik hogei urte geroago, Cristobal Balenciagak goi-mailako joskintzako etxe bat inauguratu zuen Parisen; han, bere jarduera arrakasta handiz gauzatu zuen 1968an erretiratu zen arte. Hitzaldi honetan, 40 urterekin eta Bartzelonan, Madrilen eta Donostian zituen dendak itxi gabe Parisera lekualdatu izanaren abantailak eta ondorioak jorratuko dira. Jostuna berehala nabarmendu zen zuen talentua tarteko eta laster batean lortu zuen Parisko goi-mailako joskintzako handien miresmena. Nazioarteko prentsak bere bildumak sustatzen zituen; eta berak gizarte-maila desberdineko bezeroak janzten zituen: nazioarteko eliteko eta botere-zirkuluetako emakumeetatik hasi eta klase ertaineko emakume apalagoetara eta antzerkiko eta zinemako artistetara bitartekoak. Lesley Ellis Miller Londreseko Victoria and Albert Museum Museoko “Altzariak, Ehunak eta Moda” (Furniture Textiles and Fashion) saileko kontserbatzaile burua da. Glasgow-eko Unibertsitateko Jantzien eta Ehunen Historiako katedraduna da eta Balenciaga’s Craft erakusketako arduradunen taldeko kidea. Erakusketa hori Victoria and Albert Museum Museoan egingo da 2017an.

By | 2018-04-19T15:21:15+00:00 apirila 8th, 2016|Sin categoría|